Arretaz ibili udan

Udako oporrak iristen direnean, txakurra autoan sartu eta bidaiak eta txangoak egiteko garaia iristen da; garai ezin hobea da gure maskotarekin denbora libreaz gozatzeko. Baina autoa eta beroa elkartzea konbinazio arriskutsua izan daiteke txakurrarentzat, zenbait neurri hartzen ez badira. Maskotentzat bero-kolpe arriskutsuenak udan ibilgailuaren barruan izaten dira. Bero-kolpe horiei aurrea hartzeko, aparkatuta dagoen auto barruan txakurrak bakarrik ez uzten saiatu behar dugu, eta, bestela, neurriak hartu behar dira, egonaldi laburretan txakurrak ibilgailuan bakarrik utzi nahi baditugu. Gogoratu pertsonei baino gehiago kostatzen zaiela hoztea, eta ez ahaztu leihoak jaistea, autoak klimatizaziorik ez badu.

Ez utzi txakurra bakarrik, aparkatuta dagoen auto batean

Bero-kolpea txakurraren gorputzeko tenperatura bat-batean igotzen delako gertatzen den kolapsoa da. Hil egin daiteke txakurra. Horrelakoak, maizen, udan ibilgailu barruetan daudela gertatzen da.

Bero-kolpeak ohikoak izaten dira txakurra udan ibilgailu barruan bakarrik uzten dugunean

Bero-kolpeak ohikoagoak izaten dira txakurrak ibilgailu barruan bakarrik geratzen direnean. Horregatik, funtsezkoa da kotxe barruan animalia bakarrik ez uztea, nahiz eta itzaletan eta leihoren bat irekita duela utzi.

“Oso normala izaten da autoa itzaletan aparkatu baina handik denbora batera eguzkiak jotzea”, gogoratzen du Manuel Lázaro albaitariak. “Txakurra udan eguzkitan aparkatuta dagoen auto baten barruan uzten badugu, tranpa hilgarri bilakatu daiteke animaliarentzat, minutu gutxi batzuetan oso tenperatura altua har dezakeelako ibilgailuak” dio adituak.

Beroa oso erraz metatzen den eta beroari eusten dion ontzi itxi bilakatzen da ibilgailua udan. Tenperaturari eusten dion material bat da txapa, batez ere, autoa geldirik badago. 80 ºC gaindi ditzake eguzkitan aparkatuta dagoen ibilgailu batek udan.

Txakurra denbora labur batez ibilgailuan utzi behar badugu kontuan hartu beharrekoak

Txakurra minutu gutxi batzuetan autoan utzi beste erremediorik ez badugu, ziur egon behar dugu ibilgailua itzaletan egongo den leku batean aparkatu dugula; esate baterako, arkupe-azpi batean.

Bero-kolpeari aurrea hartzeko komeni da autoko leihatilak beti erdi irekita eta ura uztea

Lau leihatilak erdi-irekita eta urez betetako ontzi bat uztea ere garrantzitsua da. Bidaia luzeetan, berriz, geldialdiak egin behar dira atseden hartzeko, gutxienez bi orduan edo 200 kilometroan behin. Geldialdi horiek egokiak dira txakurrak paseatzeko eta ur freskoa edateko. Izan ere, horrela hidratatuta egongo da gure maskota, erlaxatuago bidaiatuko du, eta, batez ere, autoan izan daitezken bero-kolpe arriskutsu horiek saihestuko ditugu.

Txakurrak ez dira pertsonak bezain erraz hozten

Txakur batek 39 ºC-ko gorputz-tenperatura izaten du, eta izerdirik botatzen ez duenez, ez du hozteko pertsona batek duen erraztasunik. Arrazoi horrengatik, oso tenperatura altua duen auto bat arrisku-faktore handia da animaliarentzat, bero-kolpe bat izan dezakeelako.

Horregatik da funtsezkoa autoa ondo aireztatuta edukitzea, maskota batentzat gomendatzen dena baino gehiago igo ez dadin tenperatura. Egokia litzateke autoko klimatizagailua (edo aire girotua) jartzea, baina ez tenperatura baxuegian. 24 edo 25 ºC-ko tenperatura egokia da autoko bidaiariek, txakurrak barne, udan fresko bidaia dezaten.

Bat-bateko tenperatura aldaketak ez dira onak txakurrarentzat: ibilgailuaren barruan 19 ºC baditugu eta kanpoan 40, aldea handiegia izango da eta txakurra hoztu egin daiteke.

Leihatilak jaistea klimatizagailurik gabeko auto batean

Klimatizagailurik ez badugu, autoko leihoak irekita edukitzeak lagunduko digu txakurrari bero-kolperik eragingo ez dion tenperatura izaten. Txakurra zorabiatu ez dadin laguntzen du aireak. Hala ere, ez da komeni txakurrak burua leihatilatik kanpora aterata bidaiatzea, kolpe bat jaso dezakeelako edo zerbait sartu,bestela, begietan.

Horretaz gain, “konjuntibitisa eta otitisa izateko arriskua ere badu autoan leihotik burua aterata bidaiatzen duen txakurrak” dio Lázarok. “Onena txakurrak garraiatzeko gailu baten barruan eramatea da, ez baita zorabiatuko eta lasaiago bidaiatuko baitu” gehitzen du.

Hiru gako txakurrek kotxe barruan bero-kolperik izan ez dezaten

  1. Autoko aire girotua 24 ºC-tan jartzea.
  2. Udan, txakurra kotxe barruan bakarrik ez uztea, ezta itzaletan badago eta leihatilak erdi-irekita baditu ere.
  3. Bi orduz behin edo 200 kilometro egiten ditugun bakoitzean geldialdi bat egitea.
 CAROLINA PINEDO