Historia

Gipuzkoan animalien babesleku den aterpetxeak bi hamarkada baino gehiago bete ditu dagoeneko. Izan ere, 2017ko otsailaren 17an bete zituen 20 urte sortu zela. Urte hauetan guztietan, animaliei buruzko hamaika historia lazgarri bizi izan ditu, zeinak, zorionez, amaiera zoriontsua izan duten: berrelkartzeak edo aukera berriak izan baitira. Iciar Mintegui da diru-irabazi asmorik gabeko elkarte honen lehendakari. Burua eta bihotza eskaini dizkio elkarteari hasiera-hasieratik. Ez zen, ordea, hasiera hura erraza izan. «Orduan, Altzan genuen egoitza, Maria Luisa etxean, baina ez zegoen animaliek behar zuten egoeran».

Ingurua hazi zenean, lekuz mugiarazi zituzten bizilagunen presioagatik. «Amaiera tragikoa eduki zuen. Beste batzorde bat sortu zen, baina ez genuen dirurik. Lursail bat erosi zen Aingeru Zaindariaren inguruan, baina hori ere ez zen gustuko gertatu. Ez zuen urik, eta Ur Partzuergoak ez zigun ura ekartzeko aukerarik eman». Baina gauzak aldatu egin ziren: «kide batek lursail bati buruz hitz egin zigun. 100 pezetatan zegoen metroa (117.000 m2). Ikustera joan eta gustatu egin zitzaigun».

Erosketa finantzatzeko, «banketxeek ‘animalia’ entzuten zutenen bakoitzean etorri bezala joateko esaten ziguten. Hala ere, azkenean, lortu genuen Kutxak kreditu bat ematea. Foru Aldundira jo genuen. Orduan diputatu nagusi zen Eli Galdos eta Iñaki Txueka ezin hobeto portatu ziren. Garai hartan Donostiako alkate zen Odon Elortzak ere lagundu zigun. Guztiek lagundu zuten proiektuak lehenengo urratsak egin zitzan». Lehendakariak, dena den, barkamena eskatu nahi die «hau guztia aurrera ateratzen lagundu diguten eta esan gabe utzi ditudan guztiei». Alargun geratu zenetik (1995), buru-belarri aritu da proiektuan. «Gure aurrekontua kontuan hartuta, forma eman genion pixkanaka-pixkanaka aterpetxeari». Diru-sail mugatuak zituzten, baina gauza jakina da Iciarrek bere lana baino gehiago eskaini ziola.

«Talde txiki bat udaletxeetara joan ginen gure zerbitzuen berri ematera. Inauguratu genuen aterpetxea; furgoneta bat ere erosi genuen… Albaitari batekin eta praktikatan zegoen beste batekin hasi ginen» gogoratzen du. Handik gutxira, nabarmen hazi zen galdutako edo abandonatutako animaliak jasotzeko eskaria. «Ilusio handia geneukan; lagun arteko giro ona. Iristen ziren txakurrak hor bertan bainatzen genituen –eguzkitan dagoen egurrezko hesi bat seinalatzen du–. Leize-zuloetara eroritako animaliak jaso ditugu, baita buruan sastadak zituztenak ere… Inork ez luke pentsatuko zenbat kasu iritsi eta atera diren bizirik…» azpimarratzen du Iciarrek. Jarduera areagotu eta babes-etxea ere hazi egin zen. Gaur egun, 27 udalekin ditu hitzarmenak. «15 laguneko taldea ari gara, gaur egun. Urte osoan ematen dugu zerbitzua, eta gauetan ere pertsona bat egoten da beti hemen».

Hogei urte hauten nabarmendu duten aldaketa positiboena da jendea gero eta kontzientziatuago dagoela eta animalia abandonatu gutxiago dagoela. Batez ere opor garaietan. «Izan ere, abuztu batean baino gehiagotan eman ditugu jaso ditugunak baino txakur edo katu gehiago. Informazio-kanpainek egin dute beren lana». «Duela 20 urte inork ez zuen abisatzen txakur abandonatu bat ikusten bazuen» dio Iciarrek. «Ez zegoen gaur egun poliziarekin dugun komunikaziorik ere. Baina, jakina, oraindik ere desagerrarazi beharrean gaude etxe- eta baserri-atarietan txakurrak lotuta edukitzeko ohitura hori».

Urte hauetan guztietan izan diren zenbait aurrerapen aipatzen ditu, hala nola mikrotxipen erabilera, ordenagailuak, gizarte-sareak eta abar. Kudeaketarako aurrerapen garrantzitsuak izan direla dio, informazioa hedatzen eta Gipuzkoatik kanpo ere adoptatu nahi duen jendea aurkitzen laguntzen dutelako.

Aterpetxean dagoen albaitari-klinika aurrerapen tekniko guztiez hornitu dela ere nabarmentzen du. Klinikak eskaintzen dituen kanpo-kontsultak eta dendan izaten diren salmentak ere diru-sarrera iturri direla dio babes-etxerako.

Hala ere, Iciarren esanetan «gure bazkideek iraunarazten dute bereziki Zuhaizpe. Bada udalek milioiak ematen dizkigutela sinesten duenik. Ia mila bazkide ditugu, eta haien ekarpena oso garrantzitsua da». Bazkide egin nahi baduzu, zuzenean duzu aukera horretarako orrialde honetan bertan, edo, bestela, 943 37 66 50 telefono-zenbakira deituta, astelehenetik larunbatera goizeko 10etatik 14etara. Gutxieneko kuota 8,11 € da.

«Animaliak jasotzeko zerbitzua ematen diegu udalei (txakurrak eta katuak). Abandonatuta aurkitzen ditugun animaliak jaso eta aterpetxera iristen direnean, aztertu, behar diren txertoak jarri, desparasitatu eta abar egiten dituzte gure albaitariek. Udalek bere gain hartzen dute hilabete batean animalia horiek aterpetxean edukitzeak sortzen duen gastua; handik aurrerakoa babes-etxeak ordaintzen du, eta hemen geratzen dira harik eta adoptatzen dituzten arte».

Zuhaizpe aterpetxea animaliak babesteko erreferentziazko erakunde bihurtu da, eta etorkizunari begira, heziketa dela uste dute animalien tratu txarrei aurre egiteko eta animaliak ez abandonatzeko funtsezko tresna.

Maskotei buruz Europako beste herrialde batzuetan dauden lege eta arauen aldean hemengoak ibilbide laburragoa badu ere, «Europako biltzarretan izan gara gure jarduna hobetzen ikasteko, eta adingabekoen elkarte eta ikastetxe askotan ere hitzaldiak ematen aritu gara, animaliak ez direla jostailu jendea kontzientziatzen jarraitzeko. Ez litzateke maskotarik adoptatu behar ume batek hala eskatu duelako; familiako helduek adostutako erabaki bat izan behar da» dio Iciarrek.